Trastea.club-ek Pentsamendu Konputazionalean (PK) laguntza, orientazioa eta trebakuntza eskaintzen die ikastetxeei eta irakasleei, integrazio didaktikoan, ikaskuntzaren progresioan, gaitasunen garapenean eta ebaluazio-prozesuetan oinarritutako prestakuntzen bidez. Eskariaren araberako prestakuntza-eskaintza da, ikastetxe bakoitzaren beharretara eta interesetara egokitua. Ildo horretan, 2023-2024 ikasturtean irakasleentzako prestakuntza ekintzak antolatu ditugu.
Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, hiru prestakuntza egin dira 2023ko azarotik 2024ko urtarrilera, hiru etapa bereizitarako (haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako lehen zikloa; lehen hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloa; bigarren hezkuntza eta batxilergoa) Pentsamendu Konputazionala garatzeko. 30 orduko (20 ordu presentzial eta 10 orduko lan pertsonala) prestakuntza horietan, 60 irakaslek baino gehiagok, berrikuntza-arduradunek, aholkulariek eta Berritzegune Nagusiko kideek landu dituzte PKren oinarriak eta hezkuntza-etapa guztietan garatzeko baliabideak.
Bestalde, Larrabetzuko Eskolako irakasleek 8 orduko “Lehen Hezkuntzako programazioa eta robotika” izeneko prestakuntzan parte hartu zuten, eta Scratch, Makey Makey eta Micro:bit landu zituzten, lehen hezkuntzako ikasgeletan nola erabili eta nola txertatu ikasteko.